2020/01/09

Ultzamako Udalak klimaren eta energiaren aldeko konpromisoa hartu du

Ultzamako Udalak abenduaren 26an egindako osoko bilkuran Klimaren eta Energiaren gaineko Alkatetzen Hitzarmena izenpetzea erabaki du.

Europako ekimena da eta horren bidez tokiko gobernuek ere ardura hartzen dute berotegi-efektuko gasen isurien murrizketan eta denek ikuspegi bera hartzen dute aldaketa klimatikoa eta pobrezia energetikoa arintzeko eta haietara egokitzeko. Hartutako konpromisoa honetan datza: lehenik, CO2-ko (eta, ahal dela, berotegi-efektuko gasen beste isuri batzuetako) isuriak gutxienez % 40 murriztea, hemendik 2030 bitartean, bereziki efizientzia energetikoa hobetuz eta energia berriztagarriak gehiago erabiliz. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, klima-aldaketaren ondorioei egokituz.

Lan planean sartuta dago erreferentziako isurien inbentarioa eta klima-aldaketaren ondoriozko arriskuen eta kalteberatasunaren ebaluazioa egitea. Halaber, Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza plana prestatzea, Udalak erabakia hartu eta bi urteko epean. Azkenik,egoera-txosten bat aurkeztea, bi urtean behin gutxienez, klimarako eta energia jasangarrirako ekintza plana aurkeztu ondoren, hura ebaluatu, jarraitu eta kontrolatzeko.

Metodologia hau garatzeko, Ultzamako Udalak Nafarroako Gobernuaren laguntza izanen du, LIFE NADAPTA proiektuaren esparruan: metodologia eta babes teknikoa, udaletako arduradunen lantalde batean parte hartu eta Lursarea-Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziak eta NELS Sareak emandako laguntza, klima eta energiarako ekimenetan jardunbide egokiak, ezagutza eta baliabideak partekatzeko.

Ultzamako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu erronka honetan elkarlanean aritu eta haren helburuak lortzen parte hartzera.